Angolako Hirurak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Angolako Hirurak, ezkerretik eskuinera: Herman Wallace, Albert Woodfox eta Robert Hillary King
Louisianako Estatu Presondegiaren sarrera

Angolako Hirurak (ingelesez: Angola Three) hiru estatubatuar preso ohi dira, Robert Hillary King, Albert Woodfox eta Herman Wallace, Louisianako Estatu Presondegian (West Feliciana parrokia, Louisiana, AEB) bakarturik hamarkadak eman zituztenak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Robert Hillary King, Albert Woodfox eta Herman Wallace Louisianako Estatu Presondegian zeuden espetxeraturik 1970eko hamarkadaren hasieran. Afrikako esklaboek ustiatutako plantazio ohi bat zen espetxea eta, horregatik, Angola deitzen zioten eskualdean. Hirurek Pantera Beltzen Angolako Sekzioa osatu zuten. Hainbat protesta antolatu zuten, besteak beste, kartzeletako segregazioaren eta tratu txarren aurka. «Presoek euren eskubideei buruzko kontzientzia har zezaten nahi genuen», azaldu zuen gerora Kingek. AEBetako espetxe bortitzenetako bat izateko ospea zeukan Angolak: «Bortxaketa asko gertatzen ziren, eta zaindariek onartu egiten zituzten. Preso batzuek kontrolatzen zuten espetxea, haiek ziren zaintzaren zutabe nagusia».[1]

Pantera Beltzetako kideek garesti ordaindu zuten bazterrak nahastea. 1972an kartzelako zaindari bat hilda agertu zen istilu batzuen ondoren, eta Wallaceri, Woodfoxi eta Kingi egotzi zieten hilketa. Ez zegoen froga fisikorik, eta bi lekukok baino ez zuten haien aurka hitz egin: bat itsua zen, eta besteak atzera bota zuen esandakoa. Hala ere, bakartuta egotera kondenatu zituzten. Hirurek beti defendatu zuten errugabe zirela. Hainbat erakundek eskatu zuten haiek askatzeko, tartean Amnesty Internationalek.[1][2]

Robert Hillary King 2001ean errugabetu eta askatu zuten, 29 urte bakarturik eman ostean. Herman Wallaceri gibeleko minbizia topatu zioten 2013ko ekainean; urrian askatu zuten, eta handik egun gutxira hil zen. Azkenik, Albert Woodfox baldintzarik gabe askatzeko agindu zuen Louisiana estatuko epaileak 2015ean, eta haren aurka egitekoa zen hirugarren auzia bertan behera uzteko ere, «epaiketa justu bat egiteko konfiantza faltagatik».[1][2] Azkenean, Woodfox 2022ko abuztuan hil zen, Covid-19 gaixotasunak eragindako osasun-arazoen ondorioz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Velte, Samara. Herman Wallace: Hiltzeko askatua. Berria egunkaria, 2013ko urriak 4, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-12).
  2. a b Garcia, Adrian. Albert Woodfox: 43 urte preso eta bakartuta. Berria egunkaria, 2015eko ekainak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-12).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]